Bihar, abuztuaren 29an abiatu eta irailaren 10era bitartean, Errenteriako Zaria Koru Eskolako Zariagaz gazteen abesbatzako 13 eta 22 urte bitarteko 50 gaztek nazioarteko bira egingo dute Txekiar Errepublikan barrena. Imanol Elizasuk zuzentzen duen Eskolako ikasle diren gazteek lau kontzertu emango dituzte Sušiceko Haur Abesbatza, Nový Bor-eko Camella Haur Abesbatza eta Náchod-eko Canto Haur Abesbatzarekin elkarlanari esker.
Bihar abiatuko duten bira esperientzia paregabea izango da Txekiara bidaia egingo duten gazteentzako:Zariak lankide dituen hiru abesbatzetako abeslarien familiek berean hartuko dituzte errenteriar kantari gazteak eta, kontzertuak emateaz gain, beste abesbatza horiekin hartu emanak, lan saioak eta abar partekatuko dituzte. Bira honek aukera emango die hiru arte eskolatako abesbatzak eta euren lan egiteko modua ezagutu eta bertan Zaria koru Eskolaren lana erakusteko. Zaria Koru Eskolako abesbatzek eta Navý Bor zein Náchod-eko abesbatzak Persaneko (Paris, 2017) eta Castelnaudaryko (2018) nazioarteko jaialdietan ezagutu zuten elkar. Sušiceko abesbatzarekin, berriz, lehenbiziko elkarlana izango da oraingo hau.
Zariagaz Abesbatzak lau kontzertu emango ditu Txekian: irailaren 1ean Sušicen ariko da Zariagaz, Txekiar Errepublikako hegoaldeko Pilsen eskualdeko herrian; 1969. urtean egun zuzendari duen Josef Baierlek sortutako Sušiceko Arte Eskolako Abesbatzarekin partekatuko du bertako Auditoriumeko eszenatokia; abesbatza 5 eta 19 urte arteko 200 haur eta gaztek osatzen dute. Irailaren 3an, Nový Bor-eko Kostel Nanebevzetí Panny Marie elizan kontzertua emango du Zariagazek; Nový Bor Pragatik gertu dagoen herria da, kristal-artisautzagatik ezaguna den Ipar Bohemian; han Arte Eskolako Camellaabesbatzarekin elkarlanean jardungo du Zariagaz Abesbatzak, Camella-ren Jiří Štrobl zuzendariaren eta Imanol Elizasuren arteko lankidetzari esker. Irailaren 6an eta 7an Náchoden izango da Zariagaz: 6an St. Laurel elizan kontzertua emango du eta hurrengo egunean Náchodeko gazteluko Areto Handian izango da, Concert for the Dukedelako emanaldian.Náchodeko Arte Eskolako Cantoabesbatzarekin batera ariko da Zariagaz; Canto Errenterian izan zen joan zen ekainean, Zaria Koru Eskolak gonbidatuta.
Zariagaz Abesbatzako gazteek errepertorio anitza aurkeztuko dute Txekian emango dituzten kontzertuetan eta aukeratutako egitarauan presentzia nabarmena izango dute garai ezberdinetako euskal musikagileek: Junkal Guerrero, Jesús Guridi, Norberto Almandoz, Eva Ugalde, Aita Donostia konpositoreen eta abarren lanak kantatuko dituzte.
Zaria Koru Eskolako Zariagaz Abesbatza Txekiar Errepublikan
Abuztuaren 29tik irailaren 10era
Kontzertuak
Irailaren 1 igandea
Sušiceko Auditoriuma, 16:00etan. Sušice
Irailaren 3 asteartea
Kostel Nanebevzetí Panny Marie eliza, Nový Bor.
Irailaren 6 ostirala
Saint Laurel eliza, 19:00etan. Náchod
Irailaren 7 larunbata
Concert for the Duke, Náchodeko Gazteluko areto handia, 16:00etan. Náchod