Posted on

Iñaki Goñi zendu da.

2020 urtea albiste triste batekin amaitu zaigu. Abenduak 31ean Iñaki Goñi  hil zen. Hiru egun itxaron behar izan ditut nere emozioak lasaitu eta zerbait idatzi ahal izateko. Nere barnean ditudan oroitzapen denak ezin testu labur batean azaldu. 

Koru zuzendaria, tenor abeslaria… pertsona handia zen Iñaki. Nere bizitzan eragin handia izan zuena.

Ni musikari izatearen “Erru” handia Iñakirena izan zen. Donostiako 31 de agosto kalean Santa Zezilia abesbatzaren egoitzan, ensaioak amaitu ondoren, nik 5-6 urte nituela, pianoan eseri eta beraren zuzendaritzapean amaitu berria zen ensaioko kantuen melodiak pianoan jotzen nituela ikusi zuen Iñakik. Nere aitari esan zion, ni musika bidetik jotzea ideia ona izango zela.

Ni pianista moduan, kontzertu batean lagundu nuen lehen abesbatza ere bere zuzendaritzapean izan zen. Oso gazte nintzela,  konfidantza handia erakutsi zidan. Eta pianista moduan, Iñaki bakarlari moduan laguntzeko aukera ere izan nuen.

Nere aitak eta Iñakik hainbat eta hainbat bizipen elkarrekin bizi izan zituzten bai Santa Zezilia abesbatzan bai Itxaropena Otxotean. Zenbat kantu, emanaldi, bidai…https://youtu.be/3CMJqfXuFpI

Zaria Koru Eskolan Iñaki Goñiren jakituriak eta paregabeko izaerak jarraipena du. Gure zorionerako, bere alabak Agurtzane Goñik eta hilobek Helene eta Lide Mendizabalek, gurekin abesten dute. Iñakiren kantuaren argiak jarraipena du.

Mila esker Iñaki.

Imanol Elizasu Lasa.